Maroko eta Marrakex hiria seguruak dira turismoa egiteko. horretarako prestatuak daude eta Maroko Afrikan turismo segurtasunean gehien inbertitzen duen herrialdetako bat da. Zure ibilbidea ez bada «normaltasunetik» ateratzen, eta turistak ibili ohi diren lekuetan bazabiltza, ez duzu zertan inolako arazorik izan.
Lapurreta txikiak, jendetza asko pilatzen den guneetan batez ere, dira ohikoenak. Komenigarria da baliozko eta atentzio gehiegi deitzen duten objektu edota arropekin ez ibiltzea gauez edo erdigunetik aldentutako kaleetan,, esaterako, baina berdina esango nuke Europako hiri handi batera joango bazina.
Orokorrean jende oso ona ezagutu dugun arren, jakin badakigu dirua ateratzea helburu duten estafadoreak ere ibiltzen direla, eta laguntza eman nahi dizutenaren aitzakian, arazo baten erdian ikus zaitezkeela. Hala ere, zure instintua eta fidakortasuna dira zure armarik onenak. Polizia ugari dago kaleetan eta bertako jendea ere laguntzeko prest egon ohi da.
Bestalde, komenigarria da Marokoko gizartearen errealitatea ezagutzea: erlijioa, ohiturak, legeak… bertara joan aurretik edo bertan zaudela.
Nahi den bezala jantzita joan daitekeen arren -neska zein mutilak- Marokon ez dago ongi ikuia orokorrean arropa oso deigarriarekin eta “justu” gelditzen direnekin joatea. Bestalde jakin, harreman homosexualak legez kanpokoak direla oraindik Magrebeko herrialdetan eta bertakoei behintzat kartzela zigorra ezartzen zaiela. Bikoteen artean muxuak ematea ere ez da oso ohikoa eurentzat, nahi adina eman daitezkeen arren, marokoar askorentzat ez da errespetu onekoa.
Trafiko kaotikoarekin ere kontuz ibili behar da, nahiz eta segituan hartzen diozun tankera. Hala ere, kontuz errepidea gurutzatzerakoan edo scooterren albotik igarotzean.
Mezkiten inguruan ere errespetua erakutsi. Adeitsua izatea ez da ezer kostatzen eta asko eskertzen da.