MARRAKEX

MARRAKEX

MARRAKEX: MAROKORI BERE IZENA EMAN ZION HIRIA. 

Marokora egin dugun lehen bidaia honetan, Marrakex izan da abiapuntutzat hartu dugun hiria. Hiri berezia eta bakarra, historian zehar izandako garrantzia begibistakoa da bere kale eta eraikinetan antzematen diren aztarnei erreparatzen bazaie. 

1062. urtean fundaturiko hiri hau Atlas mendikatea zeharkatzeko gurutzabide naturalean dago eta Islamiar Inperio handiaren hiriburua izandakoa da. Maroko hegoaldeko hiri nagusia da eta estatuko laugarren garrantzitsuena; Rabat (hiriburu administratiboa), Casablanca (hiriburu ekonomikoa) eta Fez-en ondotik. 1.500.000 biztanle baina gehiagoko hiri honek, gizateriaren Ondare diren hainbat monumentu ditu, hori dela eta turista uholde handiak jasotzen ditu urtaroz urtaro eta hiriburuaren etengabeko aldaketak horren erakusle dira. 

Marrakexeko historia aberatsaren erakusle da bere erdigunea, harresiz inguratuta dagoen Medina: hiri zaharra. Behin harresia zeharkatzeko dauden hamar ateetako batetik igarota ohartuko zara bere barnean oraindik mantentzen dela antzinako hiriaren  esentzia. 

Buztin gorriz egindako harresiaren barruan jauregi, kale estu, merkatu, mezkita, minarete eta abarrez beteriko labirinto batean sartuko zara. Marrakexeko medina  Gizateriaren Ondare babestua da (UNESCO, 1985). Medinaren bihotza Jamma el Fna plaza da eta iparralderantz Zokoen (suks) merkatu tradizionala errotzen da, nahasia bezain ederra, galtzearekin datorren aurkikuntza.  Plazatik hegoalderantz aldiz, historikoki hiriaren gobernadoreen gunea dago. Bertan daude kasbahk (hiri gotortuak) inguratzen duen errege jauregia eta Bahia eta Badi jauregien arrastoak, beste hamaika monumentu eta txoko interesgarriez gain. 

BISITATU BEHARREKO GUNEAK

Jamaa el Fna plaza

UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatua, mendeetan zehar Marrakexeko erdigune neuralgikoa izan da eta zentzu batean, Maroko tradizionalaren erakusle agerikoena. Plaza irregularra da, eraikinak ez daude armonia batean eraikiak eta orain dela gutxi arte harea gorrizko lurzorua zuen plaza da: bertakotasun esentzia indartsua duen erdigunea da eta Marrakexen zauden egun guztietan zapalduko duzu. Kaos batean antolatutako ordena. Bertatik errotzen dira hiribilduko puntu garrantzitsuetara joaten diren bide bihurrituak eta zokoak. 

Goiz partean lasaitasuna da nagusi eta eguna aurrera joan ahala betetzen doa pixkanaka. Edozein produkturen saltzaile eta merkatariak, hennarekin esku eta oinak margotzen dituzten emakumeak eta mota guztietako ikuskizunak aurki daitezke bertan: tximino erakusleak, suge sorgintzaileak, fakirrak, akrobatak, ipuin kontalariak, dantzariak, musikariak… Plazaren erdigunean karpa-saltoki eta jatetxeak zabaltzen dira eta mokadu zein plater tradizionalak zerbitzatzen dituzte, garaiko eta bertako fruta zukuekin batera. Plazaren barnean ibili ondoren berau inguratzen duten kafetegi batean lasai eseri zaitezke eta bertako mugimendua eta egunerokoa ikusi. Goizetik gauera arte giro aparta egon ohi da. 

Zokoak

Marrakexeko zokoak Magrebeko liluragarrienak direla diote, eta, egia esan, ulertu dezaket zergatia. Jemaa el-Fna plzaren ipar-ekialderantz zabaltzen dira eta historikoki bertan saldu izan ohi zuten merkantziaren arabera daude kaleak banatuak. Gaur egun zoko guztietan denetik ikusi daiteke, postu ia guztiak turismoari zuzenduak daudela dirudite. Produktu batzuen kalitatea zalantzagarria den arren nahitaezkoa da zokoetako giroan murgiltzea eta tratuaan aritzea. Larrukitegiak dira batez ere Marrakexeko zokoetan aurki daitekeen artisautza saltoki esanguratsuenak, larruz egindako produktu ugari dituzte erakusgarri eta salgai; gamelu, dromedario eta ahuntz larrua izaten da ohikoena, baina bestelakoak ere erabiltzen dituzte. Larruaren usaina ere Marrakexeko esentziaren atal garrantzitsua da. Hiriko zoko nagusiak honakoak dira: 

  • Addadine zokoa: metalgintza (latoi eta kobrea erabiltzen dira batez ere). 
  • Chouari zokoa: zestoak eta egurgintza.
  • Tindatzaieen zokoa: zeta eta artile tindatuen zokoa. 
  • Smata zokoa: babutxa eta gerrikoak.
  • El-Btana zokoa: larrugintza. 
  • Alcaiceria: edozein motatako produktuak, batez ere arropa eta zetazko produktuak, saltzen diren aterpedun galeria luzeak.

Zokoetan barrena oinez ibili behar da -nahiz eta bertako asko scooterean ibili, ez izutu, jendea bi zentimetro eskasetara gurutzatzeaz ohituta baitaute- eta gutxi gorabeherako ordutegia 9:00tatik 19:00tara da. Ostiraletan  12:00tatik 16.00tara bitarte postu gehienak itxita daude. Ramadan garaian ordutegiak aldatu egiten dira. 

Koutobia Mezkita

Koutobia mezkita Marrakexen sinbolo nagusietako bat da. XII. mende erdialdean Abd el Mumin sultan almohadeak, almorabideen gaineko garaipena ospatzeko eraikiarazi zuen meskita hau eta bere bilobaren –Yaqub el Mansur– erreinaldiaren garaian amaitu zen. Islamiar arkitekturaren maisulan hau mendebaldeko islamiar kulturaren eraikin handienetakoa da. Mohammed V. Hiribidean dago.

Sevillako Giralda eta Rabateko Hassan dorrea eraikitzeko inspirazio eta eredua izan zen. Egun adreilu apaindurak dituen arren, garai batean zeramikazko dekorazioa landua zuen. Jamaal el fna plazatik zuzenean lotzen du 400 metroko ibilbide batek. Hau ere Marrakexen erdigune historikoan kokatzen da. 

Koutobia mezkitaren dorreak 77 metro ditu eta Marrakexeko dorrerik altuena da. Barnealdea ez dago bisitentzat irekita eta musulmanak soilik sartu daitezke, otoitz egitera. Hala ere, bere inguruan lorategiak eta parkeak daude eta leku atsegina da paseo bat emateko. 

Mellah

Marrakexeko judutegi historikoa da; juduak bizi ziren hiriko gunea. Badi jauregiaren alboan dago eta  16.000 biztanle izatera iritsi zen; herrialdeko jendetsuena izatera iritsiz. XVI. mendean sortua da eta Fez hiirko judutegiaren itxura eman nahi izan zioten. Gaur egun belar dendaz eta postuz jositako auzoa da:  kosmetiko natural, belargintza, medikuntza tradizional eta bitxigintzarekin lotutako zokoa da; merkatu oso interesgarriak daude bertan eta bisitatzea oso gomendagarria da. 

Mellah hitzak “gatzaren lekua” esan nahi du, bere garaian juduek merkaturatzen zutelako atlasetik ekarritako gatza Marokoko hirietan.

ZER GEHIAGO BISITATU MARRAKEXEN

Badi jauregia

Ksibat Nhass. Place Tinsmiths.Rue Berrima kalean. Egunero irekita: 9:00-16:45.

XVI. mende erdialdean eraiki zuten luxuz betetako jauregi hau, Ahmed Ekl Mansour Sultanaren erregealdia hasi zenean. Gaur egun garai bateko handitasunaren erakusle diren arrastoak soilik mantentzen diren arren, badakigu garai hartako horma eta sabaiak urrez estaliak zeudela, marmol eta harribitxiz betetako paretak zituela eta espazio bakoitzean  putzu eta iturriz apaindutako lorategiak zituela. Ehun urte soilik iraun zuen jauregiak bere osotasunean, Moulay Ismail jaunak bertako altxor guztiak Meknes hiriburu loratu berrira eramatea erabaki baitzuen. Garai batekoaren isla besterik ez den arren, gomendagarria da jauregia bisitatzea. 

 Palais Bahia

Riad Zitoun el Jedid, place tinsmiths-etik gertu. Egunero irekita 9:00-16:30.

“Begikoenaren jauregia” esan nahi du (Badi hitzak miresgarria, dizdiratsua, esan nahi du).  Mellahn dagoen jauregi hau jauregi hau Si Moussa eta Ba Ahmed bi bisir boteretsuren aginduz eraikia izan zen. XIX. mendeko jauregi honek zortzi hektareako azalera eta 150 gela ditu. Barnealdea estilo tradizionalean apainduta dago eta dituen patioak ikusgarriak dira, mosaiko, jardin, urmael eta iturriz beteta. Garaiko artisau onenak kontratatu zituzten eraikitzeko eta material aberatsak erabili zituzten patio eta geletan: Tetuango azulejuak, Mekneseko marmola eta Atlasetik ekarritako zedro egurra, besteak beste. 

Sadi hilobiak

Rue de kasbahm kasbah meskitatik hurbil. Egunero irekita 9.00-12:00 / 14:30-17:45. 

Sadien dinastiako hilobi hauek arkitektura islamiar marokoarren adibide ederrak dira. Sadiek -Marokon agindu zuen dinastia nagusietako bat- erabiltzen zuten hilobien estilo arkitektonikoa almohaderen -beste dinastia historiko bat- oso ezberdina zen, azken hauek hilobi egitura sinpleak egiten baitzituzten eta Sadiek aldiz luxuzkoak. 

Mendeetan zehar Sadien hilobi hauek ahaztuak eta abandonatuak egon ziren eta mendebaldeko gizarteen kuriositatetik ezkutatuta, zorionez.  XX. hamarkadan ofizial frantses batzuk aurkitu zituzten hilobiok, eta, hasiera batean bisitentzat itxita egon baziren ere, gaur egun Marrakexeko eraikin bisitatuenetarikoak dira (tarteka ilarak egon ohi dira sartzeko). Bi mausoleo handitan banatzen da eraikina eta lorategi zentral eder bat daukate tartean, Alaren paradisua sinbolizatzen duena. Mausoleoa Zenttala Ahmed el Mandur-ena da (1578-1603) eta zantzu handitan bada ere,  Granadako Alhambraren egiturarekin ahantz handia duela esan genezake.  

Eraikin honetatik hurbil Bab Anaou  ate monumentala dago. Marrakexeko Medina harresitura sartzeko hemeretzi atetako bat da. Ate monumental hau XII. mendean harriz -eta ez, besteak bezala, buztinez- eraikia izan zen. Bertatik Almohadetarren jauregira sar zintezke. Eraiki zen garaian bi dorre zituen, jada galdu dituenak.  Era guztietara ere merezi du bertatik igarotzeak. 

LORATEGIAK

Marrakexeko klima lehorra izan arren hiria sortu zenetik  jardin eta lorategi oparoak izan eginda daude ur-kanalizazio eta ingeniaritza lanei esker. XI. mendeaz geroztik ura 60 kilometrotara dagoen Ourikako haranetik ekartzen dute. 

La Mamounia hotela

Avenue Bab-el-Jedid kalean. Egunero irekita. 

Marrakexeko hotelik ezagunena da hauxe, eta Marokoko ospetsuenetarikoa. Izen eta ospe  handiko pertsonaia ugarik igaro dute bertan gaua. 1923an inauguratu zuten Henri Post eta Antoine Marchisiok diseinaturiko eraikin hau, Art deco eta arabiar estiloak uztartuta lortu zuten maisulan arkitektonikoa da. 130.000 metro koadroko lorategi izugarri polit bat dauka laranjondo eta olibondoz betea. Bertatik paseo lasai bat ematea gomendatzen dizugu. Patrikak beteta edukiz gero, bertan gau bat ere pasa dezakezu, nahi izanez gero.  

Majorelle lorategia eta museoa

Avenue Yacoun el-Mansour, autobus geltokitik hurbil. Egunero irekita 08:00-17:00.

1923an Jackes Majorelle Marokora iritsi zenean erabat maitemindu zen Marrakex hiriarekin. Horren harira, pintore frantsesak, Bou Satsaf izeneko etxe arabiar hau eraiki zuen 1930eko hamarkadan. Etxearen inguruan aldiz gaur egun publikoarentzat irekita dagoen lorategi eder bat diseinatu zuen, bere sormen tailerra inguratuz. 

1970eko hamarkadan etxe-tailerra eta lorategia Yves Saint Laurent estilista frantses ospetsuak erosi zuen eta eraikin horretan arte islamiarraren erakusketa bat ipini zuen. Lorategian ere aldaketak egin zituen. Deigarria da eraikinak eta orokorrean paisaiak hartzen duen urdin kolorea: Blu Majorelle bezala ezaguna den kolorea, hain zuzen. Lorategiak forma eta kolore asko uztartzen ditu mota askotako lore eta zuhaitzekin batera: laranja ondoak, platanondoak, juka, banbu, erramua, geranioak, palmera txikiak, kaktusak, hibiskoa, papiro arrosak… 1800 landare espezietik gora daude lorategian. Guzti honekin eta errekatxo eta putzuekin batera, bertako dortoka eta karpekin, fresko eta lasai egoteko leku paregabea da. 

MUSEOAK ETA BESTELAKO LEKU INTERESGARRIAK

Marrakex ez da bereziki museo eta erakusketa handiak  biltzen dituen hiria. Hala ere, kolekzio eta bilduma interesgarriak biltzen ditu, bai dituen jauregi eta mezkitetan, bai behin behineko erakusketa publiko eta pribatuetan, dendetan, kafetegietan… Batez ere bere historiarengatik eta kokapen geografikoagarik -Atlasen magalean- kultura bereberearen protagonismoa antzematen da.

6. BESTE INTERESEKO LEKU BATZUK

Ben Youssed mezkita eta madrasa: Ben Youssef kalean. Egunero 9:00 – 18:30.

XVI. mendean eraiki zuten Madrasa hau eta Magreb zonaldeko handientarikoa da. Madrasa bi solairuko eraikina da patio baten inguruan antolatua.  Bere garaian 130 ikasle hartzeko lekua dauka eta otoitz gela zabal bat patio baten inguruan antolatua. 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *