ESSAOUIRA

marokoko kostaldea

ESSAOUIRA

Essaouira edo Essauira Maroko hegoaldeko Atlantiar kostaldean kokatua dago eta  hiria eta xarma berezia igartzen zaion hiria da. Gure Marokoko lehenengo bidaian, Marrakex atzean utzi eta azken egunak Essaouiran igaro genituen. Ez geneukan hiri txiki honen inguruan informazio askorik baina erabaki ona hartu genuen. Marrakexeko giro iskanbilatsutik urrun, Marokoren beste aurpegia ezagutu dugu bertan: lasaia eta patxadatsua. Gaur egun 70.000 biztanle inguru ditu. 

Bere kokapenarengatik urte osoan zehar haize alisioak jotzen du eta klima bereziki atsegina da. Masa turismotik ihes egitea lortu duen hiria da, eta,  aldi berean, surflari eta itsasoko kirolarien jomuga. 1970eko hamarkadahippiemugimendu zaleen hiri kuttuna izan zen, bidaiari independente eta artista anitzen topagunea. 

HIRIAREN HISTORIA

K.a. VII. mendean feniziarrek kanpamendu bat altxatu zuten egun Essaouira dagoen lekuan eta K.o. I.go mendean Juba I.ak tindagai morea lortzeko manufaktura lantoki nagusia ezarri zuen bertan. XV. mendean portugaldarren puntu estrategikoa izan zen eta Mogador izenaz zen ezaguna hirigunea.

Gaur egun ezagutzen dugun Essaouira hiria 1760. urtetik aurrera hasi ziren eraikitzen Sidi Mohammed ben Abdallah (Mohammed III.a) sultanaren agindupean, itsas armadako base nagusi bilakatu ostean, bere koakpen estrategikoa dela eta. Sultanaren aginduz hiriko hainbat azpiegitura – portua eta gotorlekuak, besteak beste- Theodore Cornut arkitekto frantsesak eraiki zituen, hiriari estilo europar bat emanez.  

ZER IKUSI

Harresiak

Essaouriako kostaldea babesten duen harresi sendoa gotorleku europarren estilokoa da eta itsas erasoei aurre egiteko eraiki zuten. Bestalde barnealdeko harresi zuriak islamiar kutsua dauka eta  Marrakexeko dharresiaren antzekoa da: harresiaren kolore zuriak kostaldeko paisaiarekin armonikoki elkartzen du hiri naturarekin. Harresiak hiru ate nagusi ditu eta medinara – hiri zaharrera – sarbidea ematen dute: Bab Debba hegoaldean, Bab Marrakec ekialdean, Bab Doukkalaiparraldean.

Sqala

Harresiaren bueltan bi itsas bastioi edo gotorleku eraiki ziren: Sqala de la Villeipar-ekialdean eta Sqala du Port hegoaldean.

Sqala de le Villek XVIII. mendean Sevilla eta Bartzelonan egindako brontzezko kanoi ilara luze bat dauka, Atlantiar itsasoko frontea babesten zutenak. Kanoi lerro luze honen amaieran, Essaouirako kasbah edo gotorlekua hasten da. 

Sqala du Port izenak dioen bezala, portuan kokatzen den gotorlekua da. Benetan polita, Europako gazteluetako dorre baten zantzuak nabari zaizkio. Bi sarrera ditu eta kostaldea babesteko eta artilleriaz erasotzeko gotorleku nagusiena da,Sqala de le Villerekin batera. 

Portua

Porte de le Marine egunero irekita dago bisitarientzat. Garai batean garrantzi handiko portua zen baina gaur egun asko jaitsia dago. XVIII. mendean atlantiar itsasoko trafikoaren %40a Essaouiratik pasatzen zen. Aldi berean Afrika azpi sahararretik zetozen karabanen atseden leku eta merkataritza leku bilakatu zen, baita bertatik merkantzia Europara esportatzeko gune ere. 

Medina

2001etik UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatua, Essaouirako medina kale estuz osaturiko labirinto bat da. Medina inguruko kaleak aldiz,  diseinu zabal eta luzea dute. Meskita nagusia medinaren erdigunean dago. ZokoaSouk Jdid izenekoa, hiriko bi etorbide nagusiek lau zatitan banatzen dute. Egunero arrain, espezia eta zerealen merkatua egiten da. Bigarren eskuko objektuak eta bildumagile zaletuen salerosketa guneak ere aurki daitezke. 

Mellah zaharra

Gaur egun ez da espreski juduen bizilekua, baina XVIII. eta XIX. mendeetan botere ekonomiko handia izan zuten hirian juduek eta auzo garrantzitsua zen honakoa.  Rue Darb Laalouj-en oraindik ikus daitezke garaiko enpresari juduen etxe handiak, arkitektura islamiarrekin kontrastean. Alboan dagoen Rue Mohammed Zerktounin kalean merkatu interesgarri batekin egingo duzue topo.  

Eglise Notre Dame

Egunero irekita 9:00tatik aurrera. Igandetan 10:00tatik aurrera, meza ordua 11:00tan.

Medinatik eta harresitik kanpo dago Essaouirako eliza nagusia. Eliza bereziki ikusgarria izan ez arren fededunei deitzeko igandetan kanpaiak jotzen diren Maroko guztiko eliza bakarra da. Mezak astero hizkuntzak txandakatuz ematen dira: frantsesez, ingelesez, neerlanderaz eta alemanieraz. 

Hondartza

Essaouirako hondartza hiriaren erdigunetik hegoalderantz joanda dago eta herrialdeko onenetarikoa da. Bertako haizeak klima fresko eta atseginean mantentzen du kostaldea urte osoan zehar. Hala ere noizbehinka haizete indartsuak egoten dira eta ez da oso atsegina harea artean egotea. Hondartzaren alboetan oraindik antzinako gotorlekuen aztarnak ikusi daitezke.

Essaouira Surflarien hiria da. Denboraldi berri bakoitzean geroz eta jende gehiago etortzen da Marokora eta hainbat ekintzaileren lanen ondorioz Maroko  eta Essaouira surflari eta windsurflarien jomuga nagusienetakoan bilakatu da. Surfeatzeko ekipoa behar baduzu, hirian bertan badago alokatzeko aukera. Kirol honetan jantzita ez gauden arren, hilabeterik egokienak apiriletik irailera bitartekoak dira. Ura hala ere ez dago kanpoko klima bezain beroa  (16-18 Cº).  Essaouiratik hegoaldera joanda oraindik ere olatu handiagoak daude: Cabo sim eta Sidi Kaoiki-n esaterako . Iparraldean, berriz, Moulay Bouzerktoun herria dago. 

Galerie Damgaard

Avenue Oqba Ibn Nafia. Egunero irekita 9:00-13:00 / 15:00-19:00

Azken hamarkadetako artista ezberdinek sortutako artelanekin egindako museoa da. Artista “xumeen” artelanak biltzen dituen museoa da, batik bat. Eskola ezberdinetako tradizioak ikusi daitezke bertan. 

Museé Sidi-Mohammed-ben-Abdallah

Rue Darb Laalouk. Egunero irekita 9:00-18:00

Museo etnografiko txiki baina interesgarria. XIX. mendeko eraikin horretan antzinako eskulanak,  bitxiak eta armak ikus daitezke. 

Iles Purpuraires

Esssaoiurako kostaldetik ikusten diren irlak dira eta hegaztientzako zonalde babestua da gaur egun. Kaioak eta Eleonorgo belatzak ikusi daitezke, azken hau desagertzeko arriskuan dagoena. Ile de Mogador da irla nagusia eta bertan anfora feniziar, atikar eta joniarrak aurkitu ziren, egun, Rabateko museo arkeologikoan daudenak. Aztarna hauek argi erakusten dute Essaouira puntu garantzitsua izan zela merkataritzarako K.a. VII. Mendetik aurrera.  

Purpuraires (purpura, morea) feniziarrek eta erromatarrek asko estimatzen zuten tindagaia zen.  Murex motako moluskoak jariatzen duen likidotik lortzen zuten. Uharte hauetan ere Mulay el Hassansultanak eraikitako kartzela baten arrastoak daude. Jakin, irla hauetako sarbidea kontrolatua dagoela eta Essaouirako Turismo Bulegoan galdetu behar dela.

Garraioa: 

Autobus geltoki bat du EssaouirakHotel des Iles-en parean. Marrakexekin lotura ona dauka eta egunero hainbat ordutan daude autobusak joan eta etortzeko; Marrakexera edo Marrakexeko aireportura zuzenean. 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *