Marrakexen lo egiteko lekurik aproposena medinaren barnealdean da. Marrakex zaharraren bihotzean dauden kale estu eta laberintikoetan gaua pasatzea zoragarria da.
Medinaren barruan lekurik egokiena, gure ustetan, riad izeneko etxeak dira. Antzinako jauregi arabiar txikiak, etxe tradizionalak dira, medinaren barnean daudenak; benetan ederrak.
Patio zentral baten inguruan antolatzen dira (askotan putzuak edota bainu txiki bat dute erdian). Oso ondo apainduta daude eta leku lasai, fresko eta atseginak dira. Riadak ez dira oso handiak eta normalean bertan bizi den nagusiak gestionatzen du zure egonaldia. Harrera ona egingo dizute eta bertan daudenak zu laguntzeko prest egongo dira.
Riadak, gainera, prezio eta gustu guztietakoak daude.
Gu Marrakexen bi Riadetan egon ginen. Biak ezberdinak ziren eta biak gomendagarriak. Denbora gehien Riad Bel Haj-en egon ginen, eta, bertako nagusia zen Mohammedekin harreman ona egin genuen. Berak lortu zigun Merzougarako tourra eta bere gomendio eta argibideek asko lagundu ziguten.
Turismoa egiteko goi denboraldian bazoaz denborarekin erreserbatzea aholkatzen dizugu.