Arabiar herrialdeetan ohikoa den bezala saleroketetarako tratuan aritzea kulturaren parte da. Jatetxeetan izan ezik -eta kate edo frankizietan ere ez- gainontzeko establezimendu guztietan tratua egin beharko duzu, gustatu ala ez. Ohikoena zokoetan egitea da. Zokoetan bertan jendea eskulanean ikusiko izango duzu eta konturatu aurretik saltzaile trebez inguratuta egongo, ez larritu, hori egunerokotasunaren parte da, kanpotarra eta “dirua gastatzera datorren turista europarra” izaki.
Tratulari batzuk gogorrak dira, beste batzuk malguak, batzuk alaiak, besteak zurrunagoak. Lasai hartu eta prozesuaz ikasten eta disfrutatzen saiatu. Ordu laurden bat eraman dezake elkarren arteko prezio justu bat adosteko. Askotan, gainera, te bat eskeiniko dizute euren dendan lasai eta eroso senti zaitezen.
GURE BEHAKETAK:
- Objektu bat begiz jo baldin baduzu, ez erakutsi aparteko interesik hasiera batean, bestela, prezio altuagoan saltzen saiatuko da eta ezingo duzu zuk nahi arte jetsi. Asko inportako ez balitzaizu bezela begiratu gauzei, begirunea galdu gabe.
- Utzi beti saltzaileari produktuaren prezioa jartzen, horrela, ideia argiagoa edukiko duzu. Zuk oso prezio altua jartzen badiozu hasieran -produktuaren balio erreala ez duzulako ongi kontrolatzen, akaso- tarte txikiagoa izango duzu ondoren prezioa jeisteko.
- Ez erakutsi edo esan diru asko duzunik, ezta zure herrialdean hori garestiagoa denik ere. Tratuan zure aurka aritzea bezala izango baita bestela.
- Berak emandako hasierako prezioaren erdira (edo, herenera kasu batzuetan) jeisten saiatu. Horregatik, zu oso prezio baxuarekin hasi tratuan.
- Umore onez, errespetuz eta modu onean hitz egin. Marokon harremantzeko modu oso naturala da eta nahiz eta gu ohituta ez egon, ez galdu pazientzia. Interesatzen ez bazaizu, adeitasunez eskerrak eman eta segi zure bideari.
- Batzuetan aldentzen zaren itxura eginda eta dendariak bazoazela ikusita – euren artean turista nork «lortu» konpetentzia dagoelako- prezioa gehiago jeisten saiatuko da.
- Behin akordio batera iritsita, ez bota atzera (beste erremediorik ez badaukazu, bederen). Errespetu faltatzat har dezake dendariak eta ez dago ondo ikusita.
Inondik inora ez baduzu trukean aritu nahi, artisau kooperatiba handietan eta biltegi eta supermerkatu handietan prezioak finkoak dira (teorian) eta ez dago tratuan ibili beharrik. Hori bai, prezioak zokoan baino garestiagoak izango dira.
Kontuan izan, kanpotarra eta turista izanik, zaila edo ezinezkoa izango duzula bertakoen prezio bera eskuratzea produktu guztietan. Saltzaile guztiek ezagutzen dute euroa eta dirhamaren arteko aldea eta badakite europarrentzat marokoar prezioak merkeagoak direla. Adostutako prezioarekin konforme bazaudete, aurrera.
Atsegina izan!
Ez ahaztu tratuan aritzea eguneroko kontua dela eurentzat, sozializatzeko modu bat. Irrifar batek eta errespetua erakusteak ez dizu sekula kalterik egingo.
Dendari askok gaztelaniaz hitz egiten dute -oso saltzaile onak direla ohartuko zara- eta Euskal Herria ere ezagutzen dute. Solasaldi atseginak izan genituen guk tratuan ari ginela eta hasieran nekeza dirudien arren, azkenean ohitu eta bete betean egokituko zara testuingurura.